XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sakana deritzanaren barrenean beti ere, Arakil ibarretik ezker, harantzaxeago, Aranatz dugu, administrazioz Ergoiena ere barrenean duena, eta Altsasu aldera, berriz, Burunda.

Ibar hau dialektologiaren alderditik behar den bezala azterturik dago eta gu ez gara, beraz, ur horretan sobera murgilduko; aski du irakurleak Zuazo 1994 lan zehatz eta argira jotzea.

Ergoiena Aranatzekin hartu-eman hertsian dakusagu, Arbizu eta Etxarrirekin; Burundarekin ere, segur, izan duke lotura; baita, ordea, Andiarekin ere.

Andiaz harat Goñerria dago eta berehala Gesalatz, Estellerrian.

Andia eta Urbasa Zunbeltzen banatzen dira 5 Nafarroa umela eta Nafarroa mediterraneoa eremu horretara biltzen dira, eta baita artzantzaren garrantziak eraginik, jendeak ere: izarbeibartarrak, Tafalla alderdikoak, estellerritarrak, ergoiendarrak, goñetritarrak, erriberanesak... Inguruko herri eta ibarrek bereganatu nahi izan dute eremu hau, baina Gorteek beti lortu dute nafar guztien ondare izaten jarrai dezan. XVI. mendean 60.000 eta 100.000 azienda buru artean zegoen bertako bazkalekuetan eta XX. mendearen hasieran, berriz, 30.000 buru zeuden..

Horiei guztiei loturik egon bide da Ergoiena, Iruñeko dinamika soziogeografikora bezainbat edo gehiago.

Oltzako zendeara edo Olloibarrera bezala, Iruñeko eragina iristen da Goñerrira ere, hizkerak ezagun du, eta pentsatzekoa da historian zehar Estellerriko eragina ere iritsi izan dela Goñerrira.

Irurtzuna ere iritsiko zen zalantzarik gabe Iruñeko eragin orotariko hori, eta hori nabaritu beharko litzateke Arakil alderdiko ekialdeko herrietako euskaran, Itzako zendearen aldamenean dauden horietan.

Baina Irurtzun Tolosako bidean dago, Gipuzkoara joateko erabili izan den kamioaren ertzean, eta merkatu garrantzizkoa izan da bertakoa: Larraun, Sakana, Iruñerriko mendebaldeko Itzako zendea edo Gulibar, Imotz eta Basaburua, Irurtzunen eraginpean bizi izan direla pentsatu beharko genuke, beraren dinamikaren barrenean edo gertatu direla.

Esan daiteke Irurtzunek sal-erosketa eremu bat osatzen duela (cf. Velasco 1981: 96).

Esate baterako, lana dela eta 1960tik aitzinera Irurtzunek Basaburu Nagusiko, Imozko, Larraungo ekialdeko eta Goñerriko jendeak bilarazi ditu (Idoy 1981b: 170).

Geure lanari eremu bat finkatzea gauza beharra da eta honen berri ematea dagokigu orain.

Lehenik Goñerriaren geografia-ingurua baliatu dugu, hurbilekoa.

Honela, a priori jokaturik, Larraungo hizkera alde batera utzi dugu, nahiz, inoiz, ezaugarri baten hedaduraz dihardugunean batez ere, bertako datu zenbait ager daitekeen; Larraun urrunsko gelditzen da, Goñerri eta beraren artean Sakana guztia dago.

Burunda ere maiz kanpo utzi dugu, nahiz ez beti.

Hona bazterketaren arrazoiak: Burundako mintzoak mendebaldeko hizkerekin dituen loturak nabarmenak eta ezagunak dira. Imotz ere guti baliatu dugu; ditugun datuak arrunt fidagarriak dira (Pagola 1992b), baina Goñerriko hizkeratik urrun gelditzen da Goldarazkoak diren ezaugarri hauek, esaterako, Goñerrikoez guztiz bestelakoak dira: etxe, eguzki, elkarrekin, gazte, ambeste, bost, putzu, euri, aingeru, arratoi, eke, esan, iñor, emango, beste....

Eguesibar ere urrunsko dago: bitarte horretan Olloibar eta Oltza nahiz Iruñerriko eremu gehiago ditugu, baina badu alderaketarako hobari handi bat metodologiaren aldetik, bertako mintzoa ezaguna da eta datuak egiaztagarriak; loturak ere nabarmenak dira Goñerriko eta Eguesibarko hizkeren artean, lan honetan ikusiko denez.

Baliatu, Ergoieneko, Arbizu-Etxarrietako, Arakilgo, Olloibarko, Oltzako, Izarbeibarko eta Gesalazko hizkerak baliatu ditugu alderaketarako eta baita Eguesibarkoak ere; ondoko Elortzibarko Zabalegiko 1785eko prediku bateko datu batzuk ere baliatu ditugu bakanka, iturria beti Yrizar (1992) izanik.